Zer da AGERTOKIAK?
AGERTOKIAK Etorkizuneko Foroaren abiapuntu gisa uler daiteke: Euskadiko gazteekin batera, herriaren etorkizuna irudikatu, eztabaidatu eta lehenesteko burututako deliberazio kolektiboko prozesua. Esperientzia parte-hartzaile eta gamifikatu baten bidez, hamarnaka gaztek gogoeta egin zuten nola gobernatu, nola zaindu geure burua, nola bizi eta nola egin aurrera ziurgabetasun globaleko testuinguru batean. Agertokiak, konponbide itxiak planteatu beharrean, balioak, tentsioak eta belaunaldien arteko adostasunak identifikatzeko aukera eman du, eta horrek gaur hurrengo pausora garamatza: Etorkizuneko Foroa bezalako leku bat sortzea, Euskadirentzat desio den etorkizun bat kolektiboki irudikatzeko.
AGERTOKIAK —
Prozesuaren ondorio nagusiak
1 — Segurtasuna ikuspegi integral batetik ulertzea.
Gazteek segurtasuna kontzeptu estruktural eta transbertsal gisa birdefinitu dute: ez da soilik babes fisikoaz ari, baizik eta prekarietatearen aurreko egonkortasun ekonomikoaz, hondamendien aurreko erresilientzia klimatikoaz, antsietatea sortzen duen ingurune digitaleko ongizate emozionalaz edo desinformazioaren aurreko babesaz, besteak beste. Segurtasuna, belaunaldi honentzat, erorketaren beldur etengaberik gabe bizitza-proiektu bat eraikitzeko benetako aukera da.
Elkarrizketa honetan zerbait argi geratu bada da segurtasuna, belaunaldi honentzat, jada ez dela kontzeptu estua. Geruza asko dituen hitza da.
Horrek zuzenean interpelatzen du demokrazia: enplegua, etxebizitza, osasun mentala eta klima babesten ez baditu, zilegitasuna galtzen du. Etorkizuneko Euskadi ziurgabetasuna leuntzeko prest dauden erakunde eta komunitateekin marrazten da, eskubideak, kohesioa eta bizi-horizonte partekatua indartuz.
EAEko gazteen % 61,0k inguru hurbilean “klima-hondamendi bat” bizi daitekeela uste du.
— Agertokiak 2025 inkesta adierazgarria
Gazteen % 30,3k segurtasuna jarri du herrialdeko bi lehentasun nagusien artean.
— Agertokiak 2025 inkesta adierazgarria
29,8 años urte da Euskadiko batez besteko emantzipazio-adina.
— Gazteen Adierazleak - Euskadiko Gazteriaren Panorama 2025
“Niretzat segurtasuna ez da soilik deliturik ez egotea. Egunen batean nire gurasoen etxetik aterako naizela jakitea da, edo buruko osasun arazoren bat izanez gero laguntza izango dudala. Demokraziak ez badu hori babesten, hitz politetan geratzen da”.
2 — Zaintzen gaituzten ekonomia eta industria.
Prozesuan zehar ideia argi bat azaleratzen da: ez dago ongizate iraunkorrik oinarri produktibo sendorik gabe. Gazteak ez dira aurrerabideaz mesfidatzen, baina bai hazkunde deserrotuaz, urrunekoaz edo espekulatiboaz; aitzitik, konfiantza adierazten dute lurraldera konektatutako industria batengan, kapital pazientearena, enplegu egonkorra, ezagutza eta epe luzerako konpromisoa sortuko duena.
Industria-politika, beraz, segurtasun- eta kohesio-tresna gisa agertzen da: trantsizio energetikoa, deskarbonizazioa, ongizateari aplikatutako teknologia eta ekoizpen-sareari lotutako prestakuntza. Kontua ez da ekonomia edo politika sozialen artean aukeratzea, garapen ekonomikoa eta ongizatea berriro lotzea baizik, industria ere lurralde desiragarria eraikitzen lagunduko digun espazioa izan dadin.
EAEko gazteen % 15,7k bakarrik erlazionatzen du industria etorkizunarekin.
— Agertokiak 2025 inkesta adierazgarria
EAEko 10 gaztetik 8k gehiago baloratuko dituzte etorkizunean lanaren alderdi hauek: ingurunea (% 84,4), lan-egonkortasuna (% 82,8), soldata (% 82,8) eta osasun fisiko eta emozionala bermatzea (% 82,6).
— Agertokiak 2025 inkesta adierazgarria
% 41ek uste du litekeena edo oso litekeena dela urtebeteko epean lanpostua galtzea edo baldintzek okerrera egitea.
— Gazteen Adierazleak - Euskadiko Gazteriaren Panorama 2025
“Ez daukat ezer industriaren aurka baina argi daukat nire lehentasuna ondo bizitzea dela… alde horretatik eraikitzen den industria ereduak ongizate horrekin lerrokatuta egon behar du”.
3 — Belaunaldien nahia; zaintza, familia eta aniztasuna.
Hirugarren ardatz nagusiak zaintza erdigunean kokatzen du. Familia ez da gai pribatu gisa agertzen, euskal demokraziaren lehen komunitate gisa baizik: erantzunkidetasuna, berdintasuna eta elkartasuna ikasteko gunea. Gazteek hemen beren bizi-proiektua osatu ahal izateko, egonkortasun ekonomikoa, denbora gizarte-eskubide berri gisa eta etxea sostengatuko duen ongizate-sistema behar dituzte.
Gainera, naturaltasunez onartzen da etorkizuneko Euskadi askotarikoa izango dela: migrazioa belaunaldi-aldaketaren parte da, eta integrazioa komunitate partekatua eraikitzea da. Aterpea benetakoa izango da baldin eta inklusiboa bada, aniztasuna kohesio bihurtzen badu eta bermatzen badu pertsona bakoitza euskal “gu”aren parte aktibo izan daitekeela.
% 62,3ak denbora gehiago eskaini nahiko lioke familia zaintzeari.
— Agertokiak 2025 inkesta adierazgarria
15 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 21,7a atzerrian jaiotakoak dira (2024).
— Gazteen Adierazleak - Euskadiko Gazteriaren Panorama 2025
“Gaur egun familia bat osatzea ausardia ekintza bat da ia. Lan egonkortasunik, etxebizitza eskuragarririk eta zaintzeko denborarik gabe, ezinezkoa da. Jende gazteak bere bizi proiektua hemen eraikitzea nahi badugu, ongizateak izan behar du oinarria”.